.................Asteroko kronika irakurtzeko Klikatu hemen...............
..............................................................................................................

2015/04/10

Aitzkirri kobazuloa (Oñati) eta Miguel Rodriguez-Ferrer

Iturria: UMEREZ, Silvestre. 1921. Los fósiles de la gruta de Aitzquirri. Situada entre las breñas de Aránzazu de la provincia de Guipúzcoa en España. Autoedizioa. Montevideo. 24 pp.

Iberiar Penintsulako lehen leize-hartza


Esaten denez, gizakiak sekulan borrokatutako gudarik luzeena Ursus spelaeus hartzaren kontrakoa izan da.  Espezie hau duela 250.000 urte sortu zen, Homo neanderthalensis-a baino pixka bat lehenago beraz, eta orain dela 10.000 urte iraungi arte gizakiarekin lehia odoltsuan aritu zen. Izan ere, hartzek eta gure arbasoek leku berean bizi nahi izaten baitzuten: kobazuloetan alegia. Ursus spelaeus espeziearen aztarna ia guztiak hortxe aurkitu izan dira; hortik datoz bere izen zientifikoa, eta espeleologoek diogun begirunea.

Iberiar Penintsulako lehen Ursus spelaeus aztarnak Oñatin aurkitu ziren. 1871an izan zen, Arantzazu auzoan, Aitzkirriko kobazuloan hain zuzen ere, beste ugaztun kuaternarioen hezurren artean. Lehen determinazioak Silvestre Umerez irakasle oñatiar gazteak (1843-1922) egin zituen, baita hasierako indusketak ere; gero hezurrak Juan Vilanova paleontologoak (1821-1893) aztertu zituen. Aurkikuntzaren garrantziak zarata handia egin zuen, eta bisitariak ugaltzearekin batera kobaren espolioa eta hondamena etorri zen. Zorionez, lur-sailaren jabeak (Marcos Mendia, Brasilen aberastutako oñatiarrak), aztarnategiaren garrantzia ulertuta, zarradura batekin babestu zuen koba. Hurrengo urteetan hainbat ikerlarik aztertuko zituzten Aitzkirriko aztarnak, tartean Miguel Rodriguez-Ferrerek (1815-1889).


Miguel Rodriguez-Ferrer 1862an. Irudia: Rafael Sanchez Perez.

Miguel Rodriguez-Ferrer


Andaluziar euskaltzale hau oso ezezaguna da gaur egunean. Bere garrantziaz jabetzeko, esan dezagun Euskaltzaindiak omenaldia egin ziola 1995an, Hendrike Knörren ekimenez, Legutianon bere etxe izandakoan plaka oroigarria ipiniaz.

Lebrijan (Sevilla) jaio zen 1815ean (1). Familia intelektual aberatsekoa, bere lehen urteak eta ikasketak bertan egin zituen. Formazioz filosofoa eta legegizona bazen ere, hurrengo urteetan ezagupen eremu zabala bereganatu zuen. Administrazioan kargu garrantzitsuak bete zituen; esate baterako, hainbat probintziatako Gobernadore Zibila izan zen. Kargu horrekin, hain zuzen ere, etorri zen Arabara 1841ean. Legutianon landetxe handi bat eraiki zuen Arlaban inguruan (Casa del Retiro), urteekin “granja modelo” bihurtuko zuena, nekazal eta abeltzaintza arloan garapen-esperientzia berritzaileak jorratuz jauregiko jardin eta pasealekuen artean. Sasoi hortan, Rodriguez-Ferrerek Gasteizko bizitza kulturalean eragin handia izan zuen.

1843an Cubara mugitu zen, Madozen Diccionario geográfico-estadístico e histórico de España y sus posesiones de Ultramar argitarapenerako informazioa biltzera. Lurraldearen ezaugarri fisikoak, kultura, zibilizazioa eta herriaren tradizioak aztertu zituen. Han antropologia eta arkeologia adituekin harreman estua izan zuen, eta orduantxe bihurtu zen labar-artean espezialista. 1861 arte bizi izan zen bertan, Cubako independentzia mugimenduarekin bat ez etortzeagatik alde egitea erabaki zuen arte. Familiarekin batera itzuli zen Legutianora, sukaldari mulato eta guzti.

1870ean Bizkaiko Gobernadore Zibil izendatu zuten, eta Bilboko lehen zabalkunde urbanistiko modernoa zuzendu zuen, herria Abantorekin eta Begoñarekin bat egin zuenekoa. Sasoi berean, Cuban bildutako materialarekin prentsa artikuluak idazten hasi zen. 1873an (II Gerra Karlista abian zela)  Los Vascongados liburua argitaratu zuen, Euskal Herriari buruz zeuden ezagupenen bilduma bat eginaz eta bere ideia politikoak aldarrikatuz: Rodriguez-Ferrer liberala baitzen, baina aldi berean euskaltzalea eta foruzalea, gerran ari ziren muturreko fakzioak ez bezala. 1876 eta 1887 artean Naturaleza y Civilización de la Grandiosa Isla de Cuba idazlana osatu zuen, Cuban jasotako informazioa bilduz.

1877an, arkeologian aditu bezela, Aitzkirriko aztarnategia aztertu zuen Umerezen eta Vilanovaren ikerketei jarraipena emanaz. Legutianoko etxetik bertaratu zen, Deba Goiena ibarrean behera, eta ordukoa dugu gaur aurkezten dizuegun kronika.

1880ean, Rodriguez-Ferrerek erronka handiari aurre egin behar izan zion: Altamira izeneko kobazulo batean agertutako pinturei buruzko epaia ematea. Izan ere, Marcelino Saenz de Sautuolaren aurkikuntzak hautsak harrotu zituen Europako komunitate zientifikoan: pinturak perfektuegiak omen ziren –artean ez zen horrelakorik ezagutzen-, eta zientzialari gehienek faltsutzat hartu zituzten. Kasua aztertzeko, Espainiako Gobernuak hiru aditu izendatu zituen: haietako bi Vilanova paleontologia katedratikoa eta Rodriguez-Ferrer izan ziren, biak ala biak Aitzkirriko aztarnekin lanean aritutakoak.

12 Vista general del techo de polícromos.jpg
«12 Vista general del techo de polícromos» por Museo de Altamira y D. Rodríguez. Disponible bajo la licencia CC BY-SA 3.0 vía Wikimedia Commons.



Cuban eta Aitzkirrin hartutako esperientzia erabakigarria izan zen epaia emateko, Rodriguez-Ferreren hitzei erreparatzen badiegu. (2) Halere, bera eta Vilanova izan ziren pinturak benetakotzat hartu zituzten bakarrak: Europako espezialista gorenak ez baitziren bat etorri, eta 22 urtez Altamirakoa iruzurtzat hartu zen. Sautuola, Rodriguez-Ferrer eta Vilanovaren prestijioa oso kaltetua izan zen zen auzi honetan, eta egoera horretan hil ziren hirurak. Poliki-poliki baina, labar-pintura berriak aurkitu ahala, aurrehistorialarien iritzia aldatu egin zen; horrela, azkenean, komunitate zientifikoak arrazoia eman zien.(3)

(1) Rafael Sanchez bere biografoaren esanetan, bere 200 urteurrena gogoratzen duen lehen artikulua da hauxe. Ohore handia guretzat! Bide batez, Rafaeli eskerrak eman nahi dizkiogu Rodriguez-Ferreren erretratua ezagutarazteagatik, eta argitaratzeko baimena emateagatik.

(2) “(...) Semejante incidente, y el tener nosotros que pasar a Torrelavega con el propósito que hemos indicado al principiar este Diario, nos hizo poner de acuerdo con el Sr Vilanova para llegar a un mismo tiempo, pues las pinturas que se decía se encontraban en la citada caverna nos ofrecían un aguijón muy grande, dadas nuestras particulares aficiones. Encontrándonos en , pues, ya en Torrelavega, salimos en este país para reconocer esta cueva, llamada de Altamira, de un prado que le da su nombre. (...) Que lo paleontológico en esta cueva no se diferencia de lo hallado igualmente en Aizquirri (Guipuzcoa), y en algunas otras no menos antiguas de España. Que por sus fósiles y demás objetos encontrados en ésta con gran profusión, pertenecía a los primeros tiempos paleolíticos de la Edad de Piedra. Que como en Aizquirri, su roca es caliza, y el terreno en que se levanta Terciario. Que como en la de Guipúzcoa, se encuentran maxilares de grandes animales, ya extinguidos, y dientes y muelas de otros feraces, abundando las muelas y los dientes de Equus primigenius. Que el Sr.Vilanova había dado con el cráneo completo de un Ursus speleus, testimonio irrecusable de que la ocupación de esta caverna debió tener lugar antes de principiar la época cuaternaria, pues que este oso vino a extinguirse antes de la Edad del Reno, en que el hombre ya había aparecido, precediendo a la de nuestros modernos tiempos, y siendo contemporáneo del Equus, del Ciervo y del Bison europeus (...)”.

(3) CARTAILHAC, Émile. 1902. La grotte d’Altamira, Espagne. Mea culpa d’un sceptique. L'Anthropologie 13:348-354.

Aranzazu: Aizkirri sarreran
GureGipuzkoa.net | Aranzazu: Aizkirri sarreran © CC BY-SA: Elósegui Irazusta, Jesús

Aitzkirriko haitzuloa


Aitzkirrira itzuliz, bertan egindako ikerketek ez dute etenik izan gaur arte. Batez ere bioespeleologia eta paleontologia arloan burutu dira, lan nagusien erreferentzietan ikus dezakezuenez:
  • 1919an Candido Bolibar, Henri Breuil eta Rene Jeannel Euskal Herriko hainbat kobetan aritu ziren lagin biologikoak hartzen. Aitzkirrin bizi ziren espezie ezagunak errejistratzeaz gain (Lithobius romanus inopinatus), haiek jasotako laginetatik espezie berri bi deskribatu ziren: Machaerites breuili (Jeannel 1921), Neobisium robustum (Nonidez 1925) eta Speonomus crotchi aitzquirrensis (Bolibar 1921). Azken hau, gainera, salbuespen ekologiko misteriotsua da, zientzialariek oraindik argitu gabea.
  • 1936an, Stammer aritu zen lagin bilketan (Stenasellus breuili).
  • 1938an Verloeffek lurpeko Diplopodoak aurkitu zituen Euskal Herrian estrainekotz; Aitzkirrin, gainera, espezie berria aurkitu zuen (Mesoiulus stammeri).
  • 1947an, Aranzadi Zientzia Elkartearen sorrerako urte berean, bere bultzatzaile nagusia (Jesus Elosegi Irazusta espeleologoa) Aitzkirrin izan zen lagin biologikoak jasotzen (Lithobius derouetae quadridens).
  • 1949an, Elosegi bera Aranzadi Z.E.ko beste kide batekin bertaratu zen: Maximo Ruiz de Gaona paleontologoa. Bien artean egin zuten indusketaren emaitzak hainbat idazlanetan argitaratuko zituzten hurrengo bi urteetan.
  • 1969an, Aranzadi Z.E.ko kideek saguzarrak aztertu zituzten.
  • 1978an Antoni Serra bioespeleologoa lagin bilketan aritu zen (Lithobius san-valerii, Lithobius romanus inopinatus).
  • Francesc Español, Bartzelonako Zoologia Museoko bioespeleologoak, bizitza osoan ikertu zuen Euskal Herriko fauna troglobioa (Aranzadi Z.E.aren sortzaileetako bat izan zen, beste zientzialari katalanekin batera). 1980ean, hainbat diszipulurekin elkarlanean, Euskal Herriko espezieen bilana argitaratu zuen Kobie aldizkarian; bertan Aitzkirriko faunaren ikuspegi orokorra ikus dezakegu.

Rodriguez-Ferreren artikulua


Orain, jarraian duzuen idazlanari buruzko azalpen batzu emango ditugu.

Artikuluan Legutianoko etxetik Oñatira bidaia kontatzen du, Arabako plano forestala zuzentzen ari den injeniari kubatarrak lagunduta. Bidaiean ikusitako paisaia deskribatuz hasten da, Frantsesadako eta I Karlistadako oroimenekin batera gerrak deitoratuz. Gatzaga, Eskoriatza eta Aretxabaletatik pasatzean, trenek eta bainuetxeek ekarritako giro berriak atentzioa ematen dio. Arrasaten, etxe historiko baten atetik harri zatia kentzen du oroigarri gisa (¡¡!!). Bidean zehar, bere landetxeko esperientziarekin lotuta seguraski, baserriei ere erreparatzen die eta minifundioetako nekazariei gorazarrea egiten die. Behin Oñatira ailegatuta, Marcos Mendia indianoa dute zain; harekin batera hartzen dute Arantzazurako bidea, zati batzutan zalgurdiari idi-parea uztartuz. (4)  Haranaren ezaugarri paisajistiko-morfo-hidrologikoak deskribatzen ditu, besteak beste Atxuloko leihoa. Ostatua Gesaltzako bentan hartzen dute, baita indusketak egiteko tresnak, argiak, kobako giltza eta beharginak ere.

Aitzkirriko inguru karstikoaren egitura, hidrologia eta geologia deskribatzen du gero. Haitzuloaren ezaugarri batzu eta indusketaren lekua eta prozedimendua seinalatzen ditu gero, aurkitutako hezurren gaineko deskribapena eginaz eta espeleotemen adinari buruzko ondorioak atereaz.

Behin indusketak amaituta, Gesaltzara itzulita, herritar tipiko xehe eta xaloaren gorazarrea egiten du, ostalariaren pertsonan; nekazarien bizimodu gogorra aipatzen du, bide batez alargunen egoera salatuz (izan ere artean ez zegoen pentsiorik, gerran hildakoen familiendako izan ezik) eta, orduko usadioan, Arantzazuko santutegi kristau txikiari hitzak eskeiniz amaitzen du.

Oharra: Euskal-Erria aldizkarian argitaratutako honetaz aparte, artikulu beraren bertsio gehiago daude:
  • Caverna de Aizquirri. Actas de la Sociedad Española de Historia Natural VII:26. 1878. Motzena da, bilera zientifiko batean irakurritako laburpena.
  • “El Tiempo” kazetan urriaren 2an argitaratutakoa, egutegi modura. Ez dut kontsultatu, baina seguraski Euskal-Errian argitaratutako testu hau bera da.
  • Aizquirri y Aránzazu : recuerdo de una expedición veraniega por el Pais Vasco en 1877. Sociedad de Tipógrafos. Madrid. 30 pp. Luzeena da, “El Tiempo”koaren gainean autoreak osotua (ez detaile espeleologikoekin, baizik eta iritzi politikoekin, bere landetxeari buruzkoekin...).
(4) Hamasei urte geroago ere, oraindik beharrezkoa zen idi parea bide honen zati gogorrenak gainditzeko. Gesaltzako esplorazioaren kronikan irakur dezakegu. (GORDON, Rogelio. 1893. Euskal batzarre. Expedición Reglamentaria núm 2 bajo la dirección del socio Don Rogelio Gordón. Visita a Oñate. Principales edificios. Ascensión al monte Aitzgorri. Exploración de la famosa cueva de Guesalza. Euskal-Erria Revista Bascongada XXVIII:85-90,177-181. Donostia.)

Rodriguez-Ferreren “Casa del Retiro” izandakoa Larrabea Golf Kluba da gaur egun. Irudia: www.ladygolf.es

Erreferentziak


Jatorrizko dokumentua:
  • RODRIGUEZ-FERRER, Miguel. 1905. La Caverna "Aitzkirri". Euskal-Erria. Revista Bascongada LII:214-225. Donostia.

Miguel Rodríguez-Ferreri buruzko bibliografia:
  • Auñamendi Entziklopedia.
  • Larrabea Club de Golf
  • RANGEL, Armando. ARREDONDO, Carlos. SÁNCHEZ, Rafael. 2009. Miguel Rodríguez Ferrer: vida y obra de un arqueólogo sin gabinete. Cuba Arqueológica. II urtea. I zenbakia, p:16-26.
  • SÁNCHEZ PÉREZ, Rafael. 2009. Apuntes biográficos sobre D. Miguel Rodríguez Ferrer y reedición de su artículo “Cuadro descriptivo ó paralelo general entre las Provincias Vascongadas y el país de Andalucía”. Publicatuslibros.com, Jaén. Hemen deskarga daiteke.

Aitzkirriri buruzko bibliografia:
  • ASTIBIA, H. MURELAGA, X. PEREDA-SUBERBIOLA, X. 1996. Máximo Ruiz de Gaona como prehistoriador y paleontólogo de vertebrados. In: Homenaje a Máximo Ruiz de Gaona: Naturalista y Paleontólogo (1902-1971). Príncipe de Viana. Suplemento de Ciencias 14-15:65-76.
  • AUTORE ASKO. 1980. Espeleología en el País Vasco. Ed. Auñamendi, p.357.
  • COMAS, Jordi. 1980. Coleoptera psepaphidae (Contribución al conocimiento de la fauna cavernícola del País Vasco). Kobie 10(II):552. Bilbo.
  • ELÓSEGUI, Jesús. 1950. Notas paleontológicas de algunas cavernas de los alrededores de Aizkirri (Guipúzcoa). Speleon I(3-4):187-189. Oviedo.
  • ELÓSEGUI, Jesús. 1950. Observaciones espeleológicas en Aizkirri y sus alrededores (Guipúzcoa). Speleon I(2):4-22. Oviedo.
  • ESCOLÁ, Oleguer. 1980. Crustacea (Contribución al conocimiento de la fauna cavernícola del País Vasco). Kobie 10(II):539-541. Bilbo.
  • ESPAÑOL, F. BELLÉS, X. 1980. Coleoptera Catopidae Bathysciinae (Contribución al conocimiento de la fauna cavernícola del País Vasco). Kobie 10(II):557-561. Bilbo.
  • Espeleologia Bibliografia. Caving Literature.
  • ESTANY, Joan. 1980. Arachnida pseudoescorpionida (Contribución al conocimiento de la fauna cavernícola del País Vasco). Kobie 10(II):526-528. Bilbo.
  • GALÁN, Carlos. 1970. Aportación al conocimiento de los Quiropteros Cavernícolas del País Vasco. Munibe 22(1-2):61-66. Donostia.
  • GONZÁLEZ ARINTERO, J.T. 1891. El Diluvio Universal. Bergara.
  • HARLÉ, Edouard. 1909. Essai d'une liste des mammifères et oiseaux quaternaires connus jusqu'ici dans la Péninsule Ibérique. Bull. Soc. Géol. Fr. 4(9):355-370. Paris.
  • JEANNEL, René. 1950. Sur les Bathysciites du Guipúzcoa (Col. Catopidae). Not. Biospéol V:57-61.
  • JEANNEL, René. BOLÍVAR, Cándido. 1921. Coleópteros cavernícolas nuevos de las provincias vascas. R. Soc. Esp. Hist. Nat. 50:509-539.
  • RIBERA, Carlos. 1980. Arachnida araneida (Contribución al conocimiento de la fauna cavernícola del País Vasco). Kobie 10(II):534-538. Bilbo.
  • RUIZ DE GAONA, Máximo. 1951. Aizkirri. Génesis, Morfología y Paleobiología cuaternaria de la caverna. Estudios Geológicos 7(13):81-112. Madrid.
  • SERRA, Antoni. 1980. Chilopoda, Lithobiomorpha (Contribución al conocimiento de la fauna cavernícola del País Vasco). Kobie 10(II):545-551. Bilbo.
  • UMÉREZ, Silvestre. 1921. Los fósiles de la gruta de Aitzquirri. Situada entre las breñas de Aránzazu de la provincia de Guipúzcoa en España. Autoedizioa. Montevideo. 24 pp.
  • VICENTE, M.C. 1980. Diplopoda (Contribución al conocimiento de la fauna cavernícola del País Vasco). Kobie 10(II):542-544. Bilbo.
  • VILANOVA Y PIERA, Juan. 1872. Lo prehistórico en España. Anales de la Soc. Esp. Hist. Nat. I tomoa, p.197-198.

PDF-ari lotura zuzena hemen.
Barne bilatzaitea/buscador interno
 

Tagzania: tz_0jY4EqIbPwUPTqqE7glpdEuQMEN0 Free counter and web stats