.................Asteroko kronika irakurtzeko Klikatu hemen...............
..............................................................................................................

2008/02/22

Berria 2008-II-19


Hauxe da Berria egunkarixan aste honetan argitaratutako erreportaia.

Oharra: azkenengo agertzen dan taldien zerrendia kazetarixak berak egindakua da (eta talde batzu kanpuan geratu dira).

Lurraren erraiak arakatzen

Espeleologiarako zaletasunak bultzatuta, Euskal Herri osoko kobazuloak aztertzen dituzte 15 talde inguruk.

mikel carramiñana

Bilbo

Kirol arriskutsuak maitatzea, geologiaren adarreko zientziak atsegin izatea edota leizeetan barna argazkilari aritu nahia; hirurak izan daitezke espeleologian murgiltzeko aitzakia onak, eta Euskal Herri osoan dago zaletasun hori praktikatzeko aukera, kobazuloak arakatzen aritzen diren elkarteei esker, hain zuzen ere. Horietako bakoitzak bere inguruko leizeak aztertzen ditu. «Eremu jakin baten ardura daukagu, bertan esploratu eta ikertzeko». Oier Gorosabel Gernika-Lumoko ADES Saguzaharrak taldeko kidea da eta, azaldu zuenez, Lea-Artibai eta Urdaibaiko kobak ikertzen dituzte. «Kanpora joaten gara inoiz, baina normalean beste eremu horren ardura duen taldeak gonbidatuta izaten da». Urtean behin, gainera, ezinbesteko topaketak egin behar dituzte elkarteetako kideek, Espeleo-laguntza taldearena. «Kobazuloan istripura izaten denean guregana jotzen dute eta, horregatik, oso garrantzitsua da noizean behin erreskaterako praktiketan trebatzea».

Hiru urte besterik ez darama Gorosabelek elkartean, zaletasuna, ordea, aspaldikoa zuen. «Lea-Artibain koba asko daude, eta bertan denok ezagutzen dugu zuloren bat. Horrela ibiltzen nintzen, linterna ziztrin batekin, eta nire mailaren araberako arriskua hartuta». Euskaldunen artean mendizaletasuna oso zabalduta dago, baina espeleologiak ez du hainbeste jarraitzailerik. «Ez da masiboa, eta ezin da gehiengoaren kirola izan, kobak babestu egin behar direlako, baina komeni zaigu jendea erakartzea, tantaka bada ere». Espeleologia ezagutzeko urratsa egiten dutenak gutxi dira, eta, Gorosabelen hitzetan, benetan atsegin dutenak topatzea zaila da, «baina behin aurkituz gero, buru-belarri sartzen dira». Taldekide berriak erakartzeko helburuarekin, txangoak eta ikastaroak antolatzen dituzte.

ADES-Saguzaharrak taldean, gaur egun, zazpi lagun aritzen dira. «Dagoeneko kobazuloetan sartzerik ez duten batzuen laguntza ere badugu, artxiboan eta bestelako lanetan aritzen direnak». Astean behin biltzen dira asteburuko irteerak antolatzeko, nora joango diren eta zer-nolako lanak egingo dituzten erabakitzeko. «Garrantzitsua da plan zehatz batekin joatea, ezinezkoa baita denetarik egitera joatea picnic batean bezala». Esplorazioa, neurketa, topografia, argazkiak, askotariko lanak egiten dituzte espeleologoek kobazuloetan, eta bakoitzak esfortzu eta denbora jakin bat eskatzen die. «Neurketak egin behar baditugu, nahikoa material eraman behar dugu horretarako eta, beraz, beste edozertan aritzeko aukerarik ez dago». Egun osoa eman ditzakete lurraren barruak arakatzen, eta, behin baino gehiagotan, denborarekin nahastu egiten dira: «Barruan gaudela, ordubete pasatu dela pentsa dezakegu, eta agian bost ordu igaro dira; oso nekatuta zaudenean bakarrik igartzen duzu orduak joan direla».

BI KILOMETROKO LEIZEA. Hiru leize esploratzen ari dira Saguzaharrak taldekoak gaur egun, Abittaga Amoroton, Argatxa Gautegiz-Arteagan eta Inubija Ispasterren. «Horiekin bakarrik urte osorako lana dugu». Ezagunak dituzte, baina galeria berriak topatzen dituzte eta, askotan, trabatutako bideak garbitu behar dituzte aurrera egiteko. Pedro Uribarri elkarteko kidearen arabera, Urdaibai aldean 230 kobazulotik gora ezagutzen dituzte, eta are gehiago Lea-Artibain. «Handiagoa denez, pentsatzen dugu 300 baino gehiago izango direla». Guztiak sakon aztertzeko, beraz, denbora beharko dute. Gorosabelek argi dauka lasai hartu beharreko lana dela. «Denok hilko gara, eta oraindik pilo bat geldituko dira deskubritzeko, ezinezkoa da dena aztertzea». Inubijako leizea adibide ona da, Bizkaiko Foru Aldundiaren artxiboetan 120 metroko leizea zela jartzen zuen, eta Gernika-Lumoko taldeak, urteotako esplorazioetan, ia bi kilometrokoa dela egiaztatu ahal izan du.

Kobazuloak topatzea, askotan, nekeza izaten da, Uribarriren esanetan urte oso bat ibil daitezke sarbidearen atzetik. «Ezaguna izanda ere, inoiz gertatu zaigu ezin aurkitzea katalogoetan ageri zen koba bat». Zulorik txikiena ere aztertu behar dute leize berriak aurkitzeko. «Askotan uste dugu koba handi batek sarrera ikusgarria izan behar duela, baina ez da horrela, sagu-zulo bat dirudiena 10 kilometroko galerien ataria izan daiteke».

TALDE LANA. Espeleologian zaila bezain arriskutsua da bakarrik aritzea, bakar batek ezin du gauza handirik egin, talde lana baita. Kobazuloetara, gutxienez, hiru laguneko taldeetan sartzea aholkatzen dute adituek. «Istripurik izanez gero, zauritutako laguna ez da bakarrik geldituko, eta bestea laguntza bila joan ahal izango da». Kontuz aritzen direnen artean istripu gutxi izaten direla diote ADESekoek. Topografia lanek ere taldeko lana eskatzen dute; «lau lagunen artean egin beharrekoa», Uribarriren esanetan. Neurriak hartu, angeluak neurtu, marrazkiak egin eta bestelako lan zailak egin behar dituzte leize baten planoa egin ahal izateko. Emaitza horrekin, Gorosabelek ohartarazi bezala, «etorkizunean beste batzuk sartuko dira» eta, horrexegatik, «zehatza izan behar da».

25 urte zuloetan barrena

Dagoeneko, mende laurden batez aztertu ditu Urdaibai eta Lea-Artibai eskualdeetako leizeak ADES-Saguzaharrak espeleologia elkarteak. Urteurrena ospatzeko, argazki erakusketa jarri dute Lekeitioko Kultur Etxean eta, horrez gain, taldeko kideek eginiko Karlistaren leizea eta Solo en el silencio film laburrek ere emango dituzte ostiral honetan. Erakusketa, berriz, larunbatera arte egongo da zabalik, Eskolape aretoan, arratsaldeetan. Ekitaldi horiekin, haien lana ezagutzera emateaz gain, espeleologian aritzeko gogoa izan dezaketenak erakarri ere nahi dituzte.

Ehunka lagun aritu izan dira elkartean eta, 25 urte hauetan, gainera, zenbait talde sortu dira ADESen barruan; Espeleoimagen adibidez, leize barruko argazkietan adituek osatua. Elkartera, Oier Gorosabelek azaldutakoaren arabera, arrazoi desberdinengatik biltzen da jendea, batzuek argazkilaritza dute gustuko, kirola beste askok eta geologia edo arkeologia zientziak beste askok. Guztiek dute lekua, eta horrek jakintza arlo desberdinak menperatzen dituzten kideak taldean izatea ahalbidetzen du, «denetarik egiten dakienik ez baitago».

esPeLeoLoGIa TaLDeaK

ARABA

Arabako Espeleologia Taldea (AET)

Gasteiz

http://grupoespeleologicoalaves.com/

Gasteizko Espeleologi Batzarra Noiz Arte

Gasteiz

www.gebna.org

BIZKAIA

Asociacion Deportiva Espeleologica Saguzaharrak (ADES)

Gernika-Lumo

www.espeleologia.info

Grupo de Actividades Espeleologicas Subterraneas (GAES)

Bilbo

gaes@euskalnet.net

GEMA Espeleologia Taldea

Elorrio

g.e.gema@terra.es

GIPUZKOA

Aloña Mendi Espeleologia Taldea

Oñati

www.euskalnet.net/amet/

Eibarko Klub Deportiboa

Eibar

www.deporeibar.com

Besaide Espeleologia Taldea (BET)

Arrasate

pzabaleta@fagorelectronica.es

Felix Ugarte Elkartea

Donostia

www.felixugarte.org

NAFARROA

Satorrak Espeleologi Taldea (GES)

Iruñea

www.satorrak.com

Grupo de Espeleologia Otxola

Iruñea

otxola@retemail.es

Lizarra Espeleologia Taldea (LET)

Lizarra

espeleolizarra@espeleolizarra.com

NAFARROA BEHERA

Leize Mendi

Donibane Garazi

http://www.leize-mendi.org

LAPURDI

Laminak Speleo

Baiona

duthilp@neuf.fr

ZUBEROA

Basabürüko Lezentzat

Liginaga

ruben.gomez2@wanadoo.fr

aHoLKuaK

Taldean joan: Hiru lagun joatea da onena. Batek istripua izanez gero, harekin geldituko da bat eta laguntza bila joan daiteke bestea.

Txangoaren helburuaren berri eman: Hala, erreskate taldeak non bilatu jakin ahal izango du. Zer ordutan bueltatzeko asmoa duzuen ere esan.

Lanabesak aztertu: Aurre-argiztapena edo urarekin hondatuko ez den beste sistemaren bat erabili. Pilak sobran eraman.

Eguraldiari kasu egin: Euria egiten badu, ez sartu kobazuloetan. Uhaldiak nabarmenagoak dira zuloetan eta trabatuta gelditzeko arriskua egon daiteke.

2008/02/05

Erakusketa zabalduko du Ades espeleologia taldeak Lekeition

Hitza 080205

Gizartea

Hitzaldia, film laburrak eta koba batera irteera bat ere antolatu dituzte herritarrentzat.

irati urberuaga

Kultur etxean erakusketa ipiniko du Ades espeleologia taldeak datorren astean. Astelehenetik aurrera, astegun zein asteburuetan izango dute lekeitiarrek koben mundu ezkutuaren gainean gauza gehiago jakiteko aukera. Astelehenetik barikura 18:00etatik 20:00etara, eta zapatu-domeketan goiz eta arratsaldez, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, zabalik egongo da.

Horregaz batera, Lurpeko mundura lehiatilla bat izeneko hitzaldia emango dute otsailaren 15ean, 19:00etan.

Film laburrak

Ikusentzunezkoek ere euren lekua edukiko dute: Karlisten leizea eta Solo en el silencio film laburrak eskainiko dituzte otsailaren 22an, 19:00etan. Ades taldearen ekoizpenak dira biak.

Hurrengo egunean, koba batera irteera egingo dute taldekideek, eurekin joan nahi dutenek erakusketan eman beharko dute izena. 10:00etan irtengo dute.

Asteburuan Abittaga-Trakamailen ibili dira taldekoak, Pi izeneko galerian zehar, Trakamaileko bigarren lotura topatu nahian. Hala ere, ordu batzuk ibili arren, ez dute ezer argirik topatu.

2008/02/03

Erakusketia Lekeition, Otsaillan 11-23




Datorren Otsaillian 11-tik 23-ra, lekittarren artian zabalduko dogu gure abots kabernosua. Gure lurpeko bihar isilla hurretik ezagutu nahi dabenak, Kultur Etxian daka aukeria:
  • Erakusketian 1º eguna: Otsaillan 11a. Ordutegixa: astegunetan 18.00-20.00, asteburuetan 12.00-14.00 eta 17.00-20.00.
  • Hitzaldixa: "Lurpeko mundura leihatilla bat" (ADES-eko kidien eskutik). Otsaillan 15a, 19.00etan.
  • Laburmetraiak: "Karlistaren leizea" eta "Solo en el silencio" (ADES-en ekoizpenak). Otsailan 22a, 19.00etan.
  • Kobara exkurtsiñua: Otsaillan 23a, 10.00etan (erakusketan apuntautakuendako bakarrik).
  • Desmontaje: Otsaillan 23a, arratsaldez.
Barne bilatzaitea/buscador interno
 

Tagzania: tz_0jY4EqIbPwUPTqqE7glpdEuQMEN0 Free counter and web stats